Joan den urriaren 10ean Osasun Mentalaren Nazioarteko Eguna izan zen. Hori dela eta, hainbat egunetan jarduera garrantzitsuak antolatu zituzten errehabilitaziokoek; Lanaren bidezko Terapia oinarritzat hartuta, helburu eta xede jakin batera bideratuak.

Horien artean, lehenengo Azoka txiki Solidarioa antolatu zuten, Arrasateko azoka-egunean, urriaren 11n, hain zuzen. Ekintza horren helburua izan zen gaixotasun mentala duten pertsonek, batzuetan, pairatzen duten estigma murriztea eta ikusaraztea. Hortaz, Ospitaleko Lanaren bidezko Terapiako geletan erabiltzaileek egindako lanak jarri zituzten salgai (oihalezko poltsak eskuz margotuak, orri-markagailuak, idunekoak, eskumuturrekoak…) eta tailer artistikoan egindako lanak ere ikusgai jarri zituzten. Jende asko hurbildu zen, eta salmenta oso arrakastatsua izan zen.

Denen artean, 300 euro EITB Maratoiari ematea erabaki zuten. Aurtengoan, hogeigarren edizioan, haurren minbiziaren ikerkuntzara bideratuko dute lortutako dirua. Horrela, euskal jendartearen elkartasun-proiektu bihurtu den ekimen horren parte bihurtu ziren ospitaleko erabiltzaileak, eta, guztira, milioi bat euro bildu zituzten.

Erabiltzaileentzat oso asebetegarria eta motibatzailea izan da ekintza horretan parte hartzea; izan ere, haien autonomia, erabakimena eta parte-hartze soziala sustatzen ditu. Lanaren bidezko Terapia sailean jarraitu egingo dugu halako jarduerak gauzatzen, erkidegoan txertatu ahal izateko.

Errehabilitazio-zerbitzua